MAISOR kontserbak, 20 urte Getariako antxoa artisau eran lantzen

2 hamarkada beteko ditugu aurten Getarian porturatzen den arrain freskoa artisau kontserbatan eraldatzen.

Urte berezia izan dadin nahi dugu eta hainbat ekintza antolatuko dugu Getariako antxoa balioan jartzeko eta elikadura jasangarri baten alde egiteko asmotan.

1999ko uztailean ireki genituen portuan dugun dendaren ateak; orduan Itsas Mendi izena zuen. Baina Maisor obradorea, hilabete batzuk lehenago jarri genuen martxan, ateak irekitzen genituenerako, salmentarako produktua eduki ahal izateko. Sabino Iribar eta Sorkunde Iribar, gure izeba osabek sortu zuten Maisor obradorea; jendeari etxean bezala prestatutako arrain kontserbak eskaintzeko helburuarekin. Urtean zehar, Getarian porturatzen diren arrainekin egiten dugu lan: berdela, antxoa, hegaluzea, sardina… Kantauri itsasoko arrain freskoa, teknika naturalekin eraldatu eta artisau kontserbak egiten ditugu. Antxoa salazoian da gure produktu izarra; berau baita Getariako produktu tradizionalena. Baina horrez gain, ekoizten ditugu baita ere bokeroia, hegaluzea oliotan, hegaluze mendrezka, berdel marinatua, arrain ketuak… Gure sorreratik, helburu berbera eduki dugu: arrantza eta bertako arrainak balioan jartzea eta arrain kontserbak gozatzera ematea. Beti ere, bertako lehengaiak eta lan eskua erabiliz.

Izan ere, arrantzari lotutako historia izan da gure familiarena. Aitona arrantzalea, amona maiorista… Arrantzatik bizi izan gara generazio askotan zehar eta halaxe izaten jarraitzea espero dugu.

20 urtek askorako ematen dute

Konturatzerako, 20 urteko ibilbidea egin dugu. Une gozoak eta ez hain gozoak ere bizi izan ditugu denbora honetan zehar.

2005-2010 urte bitartean esaterako, antxoa beda edo debekuari aurre egin behar izan genion. Antxoaren arrantza debekatuta egon zen urte hauetan. Guretzat oso urte zailak izan ziren. Espezieari emandako deskantsu honek bere fruituak izan zituen eta zorionez, orduz geroztik, Kantauri itsasoko antxoa kanpainak onak izaten ari dira.

Gure produkzioa mugatua da eta ez gaude erosketa eremu handietan. Betidanik, herriko eta eskualdeko denda eta jatetxeekin egin dugu lan. Krisialdiko urteetan, ordea, merkatu berrien bila hasi behar izan genuen eta esportazioaren bideari ekin genion. Frantzia eta Italiara eman genuen lehenbizi saltoa eta, epe laburrean, Getariako kontserbak Japoniaraino eramango ditugu.

2009an, online salmentari ekin genion. 10 urte daramatzagu Getariako portutik zuzenean jendeari etxeraino artisau kontserbak bidaltzen.

Getariako antxoa, balioan jartzen

Hasiera-hasieratik, gure obradorea erakusgai eduki dugu publikoarentzat. Denda eta obradorea leiho batek elkartzen ditu eta bertatik edonork ikusi dezake nola lan egiten dugun. Hau guretzat oso garrantzitsua izan da betidanik; batez ere, salazoiko antxoaren kasuan. Banan-banan, mimoz, antxoa xerra bakoitza nola garbitzen dugun ikustean, orduan, hasten da jendea produktua benetan baloratzen.

Duela 5 urte, pauso bat haratago joan nahi izan genuen, eta bisitak eta tailerrak antolatzen hasi ginen, Getariako antxoaren tradizioa zabaldu eta ezagutarazteko. Urteotan, bai bertako eta baita mundu guztiko bisitariak ere izan ditugu Getariako antxoa nola prestatu ikasten.

Iturzaeta eskolako haurrekin ere egiten dugu urtero tailerra, antxoa sasoian, desagertzear dagoen herriko tradizio hau ezagutu dezaten. Lehen familiek antxoa etxean prestatzen zuten, baina azken hamarkadetan, erabat galdu da ohitura hau.

Etorkizunera begira

Gure kezka handienetako bat, Getariako flotaren etorkizuna da. Azken finean, gure aktibitatea, bertako arrantzari erabat lotuta dagoelako. Arrantza sektorea berriz ere balioan jarri eta gazteek lanerako aukera erreal bat bezala ikustea gustatuko litzaiguke.

Horrez gain, itsasotik bizi garen momentutik, itsasoaren zaintzan aktiboak izan nahi dugu. Horregatik, aurten, gure aktibitateak sortzen duen zaborra gutxitzeko eta plastikoak desagerrarazteko konpromisoa hartu dugu. Enpresa jasangarria izateko bidean, aurrera pausoak eman nahi ditugu.

Elikagai ekoizle garenez, gure ingurunean elikadura jasangarriaren alde lan egin nahi dugu. Ingurugiroa eta natur baliabideak errespetatzen dituzten gertuko (km0) elikagaiak kontsumitzearen garrantziaz ohartarazi nahi dugu. Bertako lehengaiak eta bertako lan eskua. Horiek dira gure gakoak.

Ildo hauek jorratzeko nolabait, aurten, zenbait jarduera antolatuko ditugu herriko eragileekin elkarlanean. Jarraian hurrengo hilabeteotarako agenda. Datak gerturatu ahal emango dugu jarduera bakoitzaren inguruko xehetasun gehiago.

 AGENDA

Apirilak 7 – Gaztetape hondartzan zabor bilketa

Urritza Aisialdi Elkartearekin eta Getariako Surf Elkartearekin elkarlanean antolatuko dugu jarduera hau.

Helburua da itsasoa eta kostaldea zaintzeko dugun arduraz jabetzea; eta itsasoan amaitzen duen zaborraren ondorioak aztertzea.

Topalekua: 11:00etan Berdura Plazan

Apirilak 18-22 – Plastic Family instalazio artistikoa ikusgai Maisor aurrean.

Euskal kostaldeko hondartzetan jasotako plastikoarekin egindako instalazio artistikoa da eta itsasoan amaitzen duen zabor kantitate handiaren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu familia hunkigarri honek. Donostian kokatutako Panthalassa Blue Factory elkartearen ekintza artistikoa da honako hau.

Maiatzak 4 – larunbata – Antxoa tailerrak – Maisor obradorean

Getariarrei zuzendutako antxoa tailerrak egingo ditugu; haurrentzat eta helduentzat. Getariako salazoiko antxoaren tradizioa ezagutzera emateko eta balioan jartzeko helburuarekin.

10:30ean eta 12:30ean

Prezioa: helduak 5€ /  16 urtetik behera 3€

Erreserbak: info@maisor.com / 943 14 09 93

Ekaina – Elikadura jasangarria tailerra (eguna eta ordua zehazteke)

Libe Garmendia nutrizionistarekin elkarlanean, familiei zuzendutako elikadura tailerra

Helburua da arrainak gure dietan duen garrantziaz ohartaraztea eta elikadura ohitura osasuntsuak sustatzea. Egunerokoan, haurrekin praktikan jartzeko aholku osasuntsuak eta errezeta ezberdinak eskainiko dira.