SAN ANTON EGUNEZ, GETARIA TXAKOLINA ETA BIXIGUA DASTATZEKO AUKERA

getaria_mahastia_maisor

Hilaren 17an San Anton eguna da, egun seinalatua Getarian: animalien zaindari San Antonen omenezkoa zen egun Getariako Arratoiaren gaineko itsas-argia dagoen horretan zegoen baseliza; eta haren eguna ospatzeko, aspaldiko ohitura da Getariako elkarte gastronomikoetan parrilan prestatu eta bixigu goxoa dastatzea; izan ere, Kantauri itsasoko uretan bixigua barra-barra arrantzatzen zen garai haietan, urtarrila izaten zen horretarako sasoirik aproposena (esaera zaharrak dio “San Anton bixigua monton!”). Horiek garaiak: egun altxor preziatu den hori ia eguneroko jaki zen orduan.

Ziur aski bixigua herrian egindako txakolinarekin lagunduko zen orduan ere eta, 1989an Getariako Txakolina jatorrizko deitura onartu ostean, 90ko hamarkadan San Anton Eguna Txakolin Eguna bihurtu zen Getarian, uzta berriaren aurkezpena bertako edaria ezagutzera emateko aitzaki hartuta.

Beraz, gaur egun, bixigua jan eta txakolina dastatzeko egun aproposena da urtarrilaren 17a. Festak gero eta bisitari gehiago erakartzen ditu Getariara eta esperientzia gastronomikoa hainbat kultur jardueraz laguntzen da egun. Aurten, esaterako eguerdian txakolin uzta berriaren aurkezpenaren ostean, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsotan jardungo dira (bi saiotan), 3 Taula Txalaparta Taldeak lagunduta, eta arratsaldean herri kirolen txanda izango da, aizkolari zein harrijasotzaileak ariko dira, nor baino nor. Ikus hemen egitaraua osorik.

Egun ederra izaten da aukera duen edonor Getariara hurbil dadin!

Txakolina, gero eta ospe handiago duen edaria

Euskal Herrian errotutako edaria da txakolina. Usaintsua, berezko ezaugarri duen garraztasun arin bat duela, 10º eta 11º artean izaten ohi ditu eta, batez ere, “Ondarribi zuri” mahatsaz egiten da.

Duela hamarkada gutxi batzu arte txakolina baserrietan, etxerako eta ingurukoentzat ekoiztea zen ohitura, baina XX. mendeko 80ko hamarkadan hasi eta gaurdaino egundoko garapena bizi izan du: horren inguruko ikerketek eta lanek ardo horren hobekuntza ekarri zuten eta, ondorioz, eskaerak gora egin duen heinean ekoizpena ere nabarmen hasi da, nazioarte mailan sona duen ardoa bihurtu arte. Kalitatea eta ekoizpena bermatu aldera, 1989an Getariako Txakolina jatorrizko deitura sortu zen eta gaur egun Gipuzkoa osoko 30 upategi daude horren baitan.

Halaber, Araban eta Bizkaian ere sortzen da txakolina eta lurralde bakoitzean jatorrizko deitura bana dago: Arabako Txakolina eta Bizkaiko Txakolina.

Getariara hurbildu ezin baduzu, eskaiguzu txakolina online

Txakolin Eguna ospatu nahi eta zein baduzu Getariara etorri, ez arduratu: Getariako txakolinen aukera zabala eskaintzen dugu Maisor-en, upategi bakoitzak bere esentzia eta ezaugarriak dituelako. Beraz, egiguzu eskaria eta etxeraino helaraziko dizugu.

Getariako Txakolinaren Dastatze Oharra

Joan online dendara

Eta bidez batez, ez galdu txakolina Maisor produktuekin batera dastatzeko aukera: itsas bazterrean sortutako ardoa itsasoak berak emandako fruitiekin, alegia.

Zatoz txakolin upategi bat ezagutzera

Gaur egun, txakolinaren ingurukoak jendarteratzeko, ardotegi askok ateak ireki dituzte eta bisita gidatuak eskaintzen dituzte. Guk gurean, Maisorren hasi, Cristobal Balenciaga Museoan jarraitu eta Gaintza txakolindegian amaitzen den goiz osoko esperientzia zoragarria eskaintzen dizugu.